XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer dira fisika eta kimika?

Fisika eta kimika zientzia esperimentalak dira eta helburutzat daukate naturaren eta bizi gabeko materiaren portaeraren ikerketa eta baita bizi garen unibertsoak betetzen dituen legeak aztertzea ere.

Fisikaren gaiak indarrak dira gehienbat, hauek baitira materiaren egituraren eta aldaketen arduradunak; era berean, energia eta hau sortzen duten kausak aztertzen ditu.

Kimika substantzien banaketaz, identifikazioaz, sintesiaz eta ikasketaz arduratzen da.

Einstein izan zen bi zientzien sintesia egin zuena, E = m . c2 ekuazioaren bidez, materia eta energia errealitate berberaren bi aspektu direla erakutsiz.

Aurrerantzean fisikak eta kimikak izaera berdintsua izango dute.

Baina ez fisika eta ez kimika ez dira mugatzen bizigabeko materiaren ikasketara, baizik eta beren akzio eremua geroz eta gehiago hedatzen dute, hau dela eta fisika eta kimikaren eta biologia, geologia, medikuntza, farmazia, injenieritza eta abarren artean muga zehatzak finkatzea ezinezkoa gertatzen da.

Uste dugu fisika eta kimika izan direla eta etorkizunean jarraituko dutela izaten unibertsoaren portaera finkatzen duten legeen bilaketa hunkigarri bat; unibertsoak ez baitizkie bere legeak aditzera ematen iraunkortasunez, ahaleginez eta adimenez saiatzen direnei baizik.

Fisika eta kimika ikastea abentura zirraragarria da.

Ezerk baino gehiago erakartzen du gizakiaren adimena bizi garen munduko sekretuak argitu eta behatutako fenomenoak ulertu ahal izateak.

Metodo zientifikoa

Natura askotan joko bat bezala agertzen zaigu, baina joko horren arauak ezezagunak ditugula.

Fisika eta kimikaren helburua, beste edozein zientziarena bezalaxe jokoaren arauak aurkitzea da.

Lege natural ezkutu horiek aurkitzeko, ikertzaileak metodo zientifikoa deritzoguna jarraitzen du.

Metodo zientifiko adierazpenak pentsarazi dezake ikerketa zientifikoak progresio zehatzarekin, pausoz pauso, aurreratzen duela beti.

Hau gutxitan da egia.

Batzuetan legea teoriaren aurretik doa, eta besteetan teoria legearen aurretik.

Lehendabizi ekintzak eta behaketak sor daitezke edo soilik ideia teorikoak.

Gehienetan dena aldi berean gertatzen da.

Munduan zehar gertatzen den guztia, lege natural gutxitan oinarrituz antola daiteke, hots itxuraz ezberdinak diren fenomenoak elkarrekin erlazionaturik daude.